user preferences

New Events

Iberia

no event posted in the last week

ETA-ren 2013ko Aberri Eguneko agiria Euskal Herriari

category iberia | imperialism / war | non-anarchist press author Monday April 01, 2013 00:44author by Gara Report this post to the editors

Aberri Eguna aldarrikapen eta ospakizunerako eguna da Euskal Herria sentitu eta maite dugun herritarrontzat. Gure herriko karriketan, sarraski espetxeetan, erbestean edo ihesean izan, identitate nazional eta kulturalaren defentsak eta herriaren askatasun nahiak milaka herritar batzen gaitu.

Gaur, Iruñea, Euskal Herri osotik hurbildutako milaka abertzaleren itsasoa izanen da. Gazte independentisten Urduñako egunotako topaketa berriz, belaunaldi berrietatik datorren ur emari berria da askapen prozesurako. Nafar eta bizkaitar, arabar eta zuberotar, gipuzkoar eta lapurtar, herri bakar batean biltzen gara guztiok. Horixe da gure izaera, horixe gure indarra.

Egungo egoera eta trantsizioa egiteko aukera

Mendeetako gatazkaren muinean den ukazio eta zapalkuntzak ondorio sakonak utzi ditu gure herrian. Espainia eta Frantziak, Euskal Herriaren nazio izaera eta euskal herritarron erabakitzeko eskubidea ukatu dute betidanik. Madril eta Paris dira, oraino, Euskal Herriari buruzko erabaki nagusiak hartzeko lema eskutan dutenak. Erabaki horien zutabeak euskal herritarrekiko gutxiespena eta eskubide nazional, kultural, ekonomiko eta sozialen urraketa dira.

Euskal Herriak bizi duen egoera kritikoaren hazia atzetik dator ordea. Duela 30 urte baino gehiago indar autonomisten onespenarekin itundu zen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian indarrean den eredu politiko, instituzional, ekonomiko eta kulturala. Diktadura frankistaren erreformarekin Euskal Herriaren zapalkuntza prozesuan eta gatazkaren luzapenean ziklo berri bat zekarren ituna, hain zuzen.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan berriz, gutxieneko egiturarik ere ez dugu. Frantziak, aitortza politiko eta instituzionalari, euskararen berreskurapenari, bertako ekonomiari eta antolaketa moldeei mespretxuz erantzun die. Azken hamarkadetako zenbait sasi-tresnen sorrerak, Euskal Herriaren aldeko aldarriak bertan ainguratzea eta asimilazio saiakera itxuratzea bilatu du.

Aitzitik, zauri guztien gainetik, Euskal Herria bizirik eta askatasunerako ateak zabalik dituela heldu da ataka honetara, herri eskubideen aldeko urteetako borrokak ireki baitu Euskal Herriaren bilakaera aldatzeko aukera. Eztabaida irekia dago eragileen barnean eta herritarren artean, lurralde osoan. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian indarrean dauden marko juridiko-politikoak eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gutxieneko egitura eza gainditu beharreko errealitateak dira. Jokaleku horietan zatiturik jarraitzen dugu, euskal herritarron hitzak bahiturik eta gure herriaren biziraupena bera kolokan.

Euskal Herriko historiak, aldaketa prozesuek dituzten aukera eta arriskuen aurrean aukerari erabakitasunez heldu behar zaiola garbi adierazten digu. Aukera Euskal Herrian egin beharreko bidean dago, euskal eragile eta herritarren eskutik konponbide prozesuan urrats berriak eragin eta aldaketa politiko eta sozial sakonak gauzatzeko izango den gaitasunean. Arriskua berriz, beste behin, konponbide prozesua eragotzi eta Euskal Herria Estatuen kartzelan mantentzeko asmoz Espainia, Frantzia eta beren interes partikularren babesean diharduten eragileen eskutik dator.

Azken hilabeteetan herri, langile eta emakumeekiko zapaltzailea den sistema kapitalistaren krisiaren aitzakian, agorturik dagoen zikloa luzatzeko erabakiak bata bestearen atzetik ezagutzen ari gara. Hezkuntza sistema arrotzak gehiago bihurritzeko erreformek, euskararen zokoratzeak edota langileriaren eta oro har herritarren eskubide guztiak suntsitzeko neurri bidegabeek, inboluzio prozesu baten baitan Euskal Herriaren burujabetzarako aukerak gehiago murriztea dute helburu.

Gatazkaren konponbide prozesuan jazotzen ari dena hari honi lotu behar zaio. Sorturiko aukera historikoari eta egindako urratsei arduraz heldu beharrean, euskal jendarteak duen bake irrikari hesia jarri asmoz ari dira. Gatazka eta sufrimendua luzatzeko jokabide itxi eta errepresiboa ez dator bat gehiengoak adierazten duen konponbiderako borondatearekin.

Erasoak eraso eta oztopoak oztopo, Euskal Herrian jokaleku berriak zabaltzeko aukerak daudela uste du ETAk:

-Gatazkari konponbidea eman eta bake justua lortzeko, elkarrizketa eta akordioarekiko aldekotasuna erabatekoa da euskal jendartean.

-Gero eta sektore gehiagok Euskal Herriaren aitortzan eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidean oinarrituriko aldaketa politiko eta sozialak eskatzen ditu.

-Proiektu independentista, alternatiba indarberritu eta sendo gisa ageri da lurralde osoan.

Euskal Herrian dago Estatuen erasoei balazta jarri eta aldaketa burutzeko giltza. Euskal jendarteak eskatzen dituen adostasun berriak lortu eta Estatuen eta munduaren aurrean herri gisa ahots propioz jarduteak eragingo baititu sakoneko mugimenduak.

Independentzia, beharretik gauzatzera

Gaur gaurkoz, proiektu politiko ezberdinen artean independentzia da Euskal Herriaren eta euskararen biziraupena ziurtatzeko eta maila orotako erabakiak hartzeko aukera bideragarri bakarra. Batzuentzat inposizioa eta galbidea omen litzateke, besteentzat berriz, ez omen da unea. Deigarria da halako esanak Euskal Herria zatitu, larrialdi egoeran jarri edo euskal herritarron borondatea ukatzen dutenen ahotik entzun behar izatea. Galbide eta zama handiagorik ba ote da euskal herritarrontzat? Estatuen menpe egotea zertan da onuragarri?

Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun emakume eta gizonei mehatxurik gabe hitza emanez erabaki eta eraiki behar den herri proiektua da independentzia. Egitasmo horretan, euskal jendarteko sektore guztiek dute lekua, herri batek dituen erronkez, antolaketaz eta garapenaz ari garen heinean, herri prozesu parte hartzaile eta demokratikoa izan behar baita.

Euskal Estatuan egituratzen da independentziarako aukera. Munduko esperientzietatik zer ikasia dugun arren, berezko izaera nazional, kultural eta balore komunitarioak aintzat hartuko dituen eredua eraikitzeko erronka aurrez aurre dugu. Herriak, kulturak, langileak, emakumeak eta ama lurra zapalduz herritarrak erabakietatik kanpo jartzen dituen sistema kapitalista inondik ere ez da begiratzeko moduko ispilua. Aldiz, herri ondasuna eta erabakiak herriaren esku jarriz, errespetua eta berdintasuna oinarri dituen sozialismoak langile eta oro har herritarren atxikimendu eta onespen zabala jaso lezake hurrengo urteetan.

Euskal Herriak, zilegitasuna ez ezik, badu nahikoa gaitasun eta argudio munduan aske eta burujabe izateko. Baditugu kohesiorako funtsezko diren lurraldea eta berezko hizkuntza. Baditugu nazio askoren pareko baliabide eta aberastasun kultural, ekonomiko, sozialak eta naturalak. Badugu ere herri egituretan eta mugimenduetan antolatzeko eta herritarren arteko auzolanean proiektuak aitzinatzeko eskarmentua. Eta batez ere, baditugu nazio baten partaide garenon kontzientzia kolektiboa eta aske bizitzeko herri gogoa. Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen dugunon egitasmoa sendoa da.

Borondate hori urrats emailea den herri prozesuan egituratzeko parada orain da. Hesiak gainditu eta Euskal Herriaren burujabetzarako tresnak sortzeko erabakietan sakontzeko unea, hain zuzen. Langile mugimendutik hasiz, herri mugimenduko sare zabaleko eremuetatik igaro eta eragile politiko eta erakundeetaraino, denen arteko elkarlan bidean urratsez urrats aurreratzea izango da Euskal Herriari buruzko erabakiak hartzeko lema eskuz alda dezakeen indarra.

Herri proiektua gauzatzeko dugun erronka itzel baina eder honetan, euskal herritar bakoitzaren eguneroko konpromisoa, parte hartzea eta borroka ezinbestekoak dira. Norberak aurkitu beharko du bere gogoa eta ekarpena bideratzeko tokia, horretarako ugaritasun nahikorik baita. Herrigintzan gero eta indar gehiago antolatu ezkero, herri zutabeak sendoagoak izango dira. Horregatik, euskal herritarrok eta zehazki abertzaleok, siglen eta kontsignen gainetik, ziklo aldaketa Euskal Herriaren ardatzean burutu dadin erantzukizun handia dugu.

Bide horretan, euskal preso eta iheslari politikoen parte hartzeko baldintzek gainerako herritarren parekoak izan behar dute. Guztiak Euskal Herriko karriketan aske egon behar dira konponbide prozesua atzeraezin bihurtu eta herriarekin batera Euskal Herri aske eta burujabea eraikitzeko. Etxeratze prozesua bizkortzeko urrats ausart eta erabakigarrien ordua da.

Hain justu, Aberri Eguneko azken aipua, aberriarekiko maitasuna espetxe eta erbestean zigorrarekin ordaintzen ari diren euskal herritarrentzat da. Bereziki gogoan hartu nahi dugu espetxe politika krudela azken unera arte pairatzeagatik zendu berri den Angel Figueroa euskal borrokalaria. Bere heriotzak eragin digun samin sakona agertzearekin batera, lagun eta senitartekoei gure doluminik sentituenak eman nahi dizkiegu.

ETAk, Euskal Herriaren gogoekin bat egin eta bakea eta askatasuna lortzeko orain arteko erabakitasun berarekin jarraitzeko konpromiso irmoa berresten du.

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian, 2013ko martxoaren 31ean

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

Oharra: Agiri hau Xabier Lopez Peñaren heriotza jakin baino lehenagokoa da.
Iturria: gara.net

Related Link: http://borrokagaraia.wordpress.com/2013/03/31/eta-ren-2013ko-aberri-eguneko-agiria-euskal-herriari/

This page has not been translated into 中文 yet.

This page can be viewed in
English Italiano Deutsch
© 2005-2024 Anarkismo.net. Unless otherwise stated by the author, all content is free for non-commercial reuse, reprint, and rebroadcast, on the net and elsewhere. Opinions are those of the contributors and are not necessarily endorsed by Anarkismo.net. [ Disclaimer | Privacy ]